OSASUN PSIKOLOGIA, JAIOTZA INGURUKOA, NEUROPSIKOLOGIA ETA LOGOPEDIA
Helduen terapiaMungia – Bizkaia
PSIKOLOGIA ETA NEUROPSIKOLOGIA
Batzuetan ezin diogu guztiari aurre egin
Egia da, kontrakoaz konbentzitzen saiatzen diren mezu motibazionalez gainezka gaude, baina hala ere, baliteke hori nahikoa ez izatea.
Baliteke une txar bat edo aldaketa ugariko bolada bat pasatzen egotea, edo agian zerbait ondo ez doala sentitzen duzu, eta horrek guztiak zure emozioei, hainbeste maite dituzun pertsona horiekin dauzkazun harremanei edo zure lan-bizitzari eragiten die.
Beharbada kontzentratzea kostatzen zaizu, gauzak ahaztu egiten zaizkizu edo ez duzu lortzen hainbat urratsetako plangintza behar duten zereginak amaitzea.
Agian istripu bat, garuneko kalte bat edo iktus bat izan duzu, edo zure gaitasun kognitiboei, emozioei eta jokabideei eragiten dien beste gaixotasunen bat duzu.
Edo, besterik gabe, ez duzu argi zergatik sentitzen zaren horrela, edo zure ingurukoek gertatzen zaizunari garrantzia kentzen diotela sentitzen duzu, eta inor ez dela bizitzen ari zaren hori ulertzeko gai.
Agian norbaitek laguntza behar duzula esan dizu.
Zure bizi-esperientzia edozein dela ere, entzun egin nahi zaitugu, behar duzunean zuri eusteko.
Zurekin lan egingo dugu ondoez horri guztiari irtenbidea eman diezaiozun eta aurrera jarraitzeko behar dituzun tresnak izan ditzazun.
JAIOTZA INGURUKO PSIKOLOGIA
Ama bihurtzea esperientzia eraldatzailea da, baina gogorra eta nekeza ere bada.
Eta bai, amok ere negar egiten dugu. Eta sostengatu gaitzaten behar dugu, ezin baitiogu guztiari aurre egin.
Familia bat osatzeko nahia da amatasunerako abiapuntua. Jaiotza inguruko etapa (sortzetik, haurdunalditik, erditzetik, erditze-ostetik eta hazkuntzatik igaroz) intentsitate handiz bizi diren esperientziaz eta emozioz beteta dago.
Etapa oso sentikorra denez eta gu aldi horretan hain zaurgarri izanik, funtsezkoa da ongizatea sustatzea atxikimenduaren, zaintzaren, prebentzioaren eta sostenguaren bidez.
Baliteke haur bat izateko irrikan egotea, baina haurdun ez geratzea.
Agian beldur zara zure haurdunaldia gaizki joango ote den edo erditzean zerbait gertatuko ote zaizuen zuri edo zure haurtxoari.
Zure erditzean errespetatua eta zaindua sentitu ez bazara, tresneria erabili badute edo esperientzia traumatikoa izan bada, normala da gertatutakoa kudeatzeko zailtasunak izatea, eta zure hurrengo haurdunaldia larritasun handiagoz eta bizitako guztia errepikatzeko beldurrez bizitzea.
Jaiotza berri batekin, arreta guztia haurtxoak bereganatzen du, baina haur bat jaiotzen denean, bere ama ere jaiotzen da.
Eta ez da beti erraza rol berri horretara egokitzea, nortasuna berreraiki behar baita, eta eraldatu gai berriak integratzeko eta beste batzuk joaten uzteko.
Lehentasunak aldatu egiten dira eta, prozesu horretan, beharbada baztertuta neuzkan arloak berreskuratu beharko ditut. Nire loturak berreskuratu. Bikotekidea eta biok berriz topatu.
Amatasuna indarra delako. Ikaskuntza da. Maitasuna da. Aldaketa da.
Baina nekea ere bada. Ezintasuna da. Eta dolua da.
Dolua nintzenagatik eta berriro izango ez naizenagatik.
Goizegi iritsi den haurtxo horrengatik.
Espero nuen bezalakoa ez den haurtxoagatik, edo bere etxea eta familia ezagutzera etortzerik izan ez duenagatik.
Utzi digun hutsune horrengatik, hain jasangaitza. Ezin dudalako besarkatu, baina hala ere, ni bere ama naiz.
Eta ez, amatasunean, dena ez da polita, hori kontatzen badigute ere. Une batzuetan emozioek gainezka egiten dute eta ezin dugu gehiago.
Ama txarra izango ote naiz niretzako tarte bat nahi izateagatik, nire umearengandik urruti?
Nire bikotekidea eta biok baino ez ginenean geneukan hori faltan izateagatik?
Negar egiteari utz diezaiola desiratzen egoteagatik, lo egin eta atseden hartu ahal izateko?
Ez, ez zara ama txarra. Ahal duzun ondoen egiten ari zara, sistemak uzten dizuna.
Baina ez duzu zertan bakarrik egin.
Izan gaitezen sostengu, ehundu ditzagun sareak, izan gaitezen tribu.

LOGOPEDIA
Logopedarenera joatea ez da soilik haurtzaroko kontua
Helduok ere zailtasunak izan ditzakegu hizkuntzarekin eta komunikazioarekin, entzumenarekin, hizketarekin, ahotsarekin, irensketarekin edo irakurketa zein idazketarekin.
Arazoaren jatorria askotarikoa izan daiteke: gaixotasun neurodegeneratiboak, dementziak, garuneko kalte bat edo iktus batetik hasita; disfoniak, kordeetako kalteak, polipoak edo noduluak, irensteko arazoak edo mintzamenarekin, hizkuntzarekin edo komunikazioarekin zailtasunak izatera arte (ahoz zein idatziz).
Zure kasua edozein dela ere, arazoa konpontzen lagundu nahi dizugu.
Horretarako, zure ezaugarrien eta beharren balorazioa egingo dugu, horren araberako esku-hartze plana diseinatzeko.
Eta beste profesional batzuekin koordinatuta lan egingo dugu, egoerak hala eskatzen duenean.
Gogoratu ezazu behar duzuna galdetu ahal diguzula, zu entzuteko gaude hemen.
Badakigu zein garrantzitsuak diren segurtasuna eta konfiantza terapiara joatean.
Kukubilkora etortzea atsegina dela sentiarazi nahi dizuegu, eta horregatik guretzat oso garrantzitsua da zuei erakustea nola egingo dugun lan.